Gogoaren indarra ospatuko dugu Europako finalaren egunean

Gogoaren indarra ospatuko dugu Europako finalaren egunean

Athleticekin final hau ospatuko ez dugu, ba! Kalera atera eta zale guztiekin irabazteko ilusioa konpartituko ez dugu, ba! Europa League geurea da eta! Izan ere, festa erraldoia prestatu dugu asteazken historiko honetarako: txapelketak, jolasak, kantak eta dantzak egun osoan zehar, Albian hasi eta Antzokian bukatu, futbola eta gure Athletic beti gogoan.

Goizeko 11.00etan Futbol-ginkanari ekingo diogu pintxo hotz-lehiaketarekin: Athletic da apaintzeko gaia, jakina, eta Albian bertan prestatuko ditugu. Ondoren, 11.45ean eta 13.30 bitartean, 5 gunetan banatuta egongo diren probekin jarraituko dugu: futbol-partida berezia, futbol-trena, himnoaren bertsioen lehiaketa, ekipaje-bilketa eta trebetasun probak. Pintxorik onena aukeratu ostean, Antzokira abiatuko gara indarrak berreskuratzera. Bazakarirako sarrerak salgai daude dagoeneko euskaltegiko bulegoan, 8 eurotan. Bazkalostean ederto pasatzen segituko dugu; abestu, ginkanaren azken probak burutu eta egun osoan zehar puntuaziorik altuena lortu duen ekipoari saria banatu eta gero, poteo-beroketa egingo dugu. Eta ez ahaztu Kafe Antzokian bertan pantaila jarriko dugula finaleko detaile bat ere ez galtzeko, 20.45etik aurrera. Athleeeeeeetic!! Eup!!!!

Gehiago irakurri

Mendi-martxa Serantesera

Mendi-martxa Serantesera

Larunbat honetan, hilak 21, Algara mendira doa. Euriari beldurrik izan ez eta goizeko 9.00etan Kafe Antzokiko atean elkartuko gara gure inguruko mendietako ibilbide ederrak ezagutzeko asmoz. Serantes dugu helburu oraingo honetan. Asmo handikoa ote?

Gehiago irakurri

2012ko Inauteriak heldu dira!

2012ko Inauteriak heldu dira!

Ostegun honetan, hilkak 16, hasiko dira 2012ko Bilboko Inauteriak, urtero bezala Trapu Zaharrekin. Antzina, garai hauetan Europako erdialdetik zetozen familia ugari heltzen ziren Euskal Herrira. Hau herri eta hirietan gertakari garrantzitsu bilakatzen zen beste kultura baten parte zirelako, beste hizkuntza bat erabiltzen zutelako, arropa ezberdinak janzten zituztelako… Artisautzan trebeak ziren eta bertan geratzen ziren lanean, lapikoak eta abarrekoak konpontzen. Denboraren poderioz, hauen etorria jai bilakatu zen azkenean inauterien hasierarekin erlazionatuz. Donostia, Bera edo Iruñea bezalako tokietan tradizioa oso ondo errotu dela esan genezake, “Kaldereroak” izenarekin ezagutzen dena. Ostegunean, beraz, arratsaldeko 20.30etatik aurrera, Farolin eta Zaranbolasen epaiketaren ostean, kalejiran ibiliko gara Arriagatik alde zaharrera, Plaza Barria, Unamuno plaza, Maria Muñoz, Somera, Santiago plaza, Triangelua eta Txakur kaletik. Ez ahaztu trapu zaharrak janztea!

Ostiralean,  hilak 17, Kafe Antzokian daukagu hitzordua, Gabriel Aresti euskaltegiak antolatutako Inaute Jaian. Hona hemen egun osoko egitaraua:

• 8:30ean: Kafe Antzokian, txokolate jana eta torrada lehiaketa.

• 9:15ean: Dantzak.

• 10:15etik aurrera: Sketx lehiaketa.  Gaia: “…eta GURE mundua bukatuko balitz?”. 5 minutuko iraupena izango dute, eta euskaratik sortuak izatea baloratuko da; Euskal gaiak erabiltzea, euskal musika erabiltzea, erreferentzia kultural euskaldunak erabiltzea… Sketx onenentzat sariak egongo dira. Hemen duzu duela bi urte antzeztutako sketx zoragarri bat…

• 13.00etik aurrera: Poteoa eta berriketa Ledesman.

• 14:30etan: Bazkaria Kafe Antzokian. Prezioa: 14 €.  Har ezazu zure sarrera bulegoan asteazkenean baino lehenago!

• 17.00etan: Sketx eta torrada lehiaketa.

• 18:00etan: Askaria: txokolate jana.

• 19:00etan: Jolasak eta dantzak.

• 20:00etan: Kaldereroei ongietorria eta poteoa eta berriketa Ledesman.

• 22:00etan: Berbena Lisker taldearekin Kafe Antzokian. Sarrera, doan.

 

Larunbatean, hilak 18, ez da desfile ofizialik izango. Dena den, Algarakideok Kafe Antzokian, 19.30 aldera, elkartuko gara “herria konpontzeko”. Izan ere, hauxe da gure mozorrorako ideia: herrigintza. Hartu, ba, lan-jantzia, kaskoa, pikotxa eta pala, eta erdu geugaz!

Igandean, hilak 19, Areatzan, Putxera edo Indaba lehiaketa ospatuko da goiz osoan zehar.

Asteartean, hilak 21, azken ekitaldia izango da: sardinaren erreketa. Sinbolikoki inauteriei agurra emateko modu bat dugu, jai hauetan zehar egindako grina gaizto eta bekatuekin bukatzeko eta garizuma garbi hasteko modu bat, hain zuzen. Plaza Barrian beilatoki bat egiten da sardinarentzat eta ostean, alde zaharretik prozesioan joaten da Arriaga plazaraino bertan erretzeko. Dena den, Algarak badu beste ideia bat, Algarakide batek inspiratuta… Entierroa esan beharrean, entzierroa aipatu zuen, eta horrela bururatu zitzaigun Iruñean bezala janztea: zuriz, zapitxo gorri-eta, eta korrika egitera sardinaren aurretik! Arratsaldeko 20.00 inguruan elkartuko gara.

Anima zaitez!

Biba Pellot! Bilba festa!

 

Historia apur bat

Kristautasunaren egutegian Garizuma garrantzi handikoa da. Elizak gizartean eragin handia zuen garaian penitentzia eta barau aro hau gogorra izan ohi zen. Horregatik Garizuman sartu baino lehenagoko aldia modu alaian ospatzen zen arau eta giza legeen gainetik, aro tristea heldu arte. Dudarik gabe kristautasunaren aurretiko ospakizun zaharrak ere nahasi egiten ziren.

Euskal Herrian festa honek izen desberdinak ditu: iñauteak, iñauteriak, ihauteriak, iyoteak, ioteak, aratozteak, aretusteak, aratuzteak… Eta Juan Antonio Urbeltz folkloristaren arabera, oso jatorri berezia dute, beste herrialde batzuetan daukaten “haragia uztea” ideiarekin zerikusirik ez duena; inausitik (kimatu, adarrak moztu) omen dator inauteri hitza; hau da, “inausketa garaia” da; aratustea, berriz, arauztutik (garbitu). Izan ere, garai honetan, neguko solstizioan hain zuzen, zuhaitzak garbitu egiten dira, adarrak moztuz. Beraz, natura, laborantza, nekazaritza dira ideia nagusiak festa honetan, eta mozorroetan ere islatzen dira: “mozorro” hitza bera zomorrotik (intsektu) dator Urbeltzen esanetan, zomorroak baitziren laborarien etsairik arriskutsuenak, batez ere eltxoak eta otiak edo larraputingak (larretako langosta). Sinbologia hau, Europako hainbat herrialdetan ez ezik Zuberoako Maskaradan ere oso argi ikus daiteke: Zamalzaina larraputinga bera ei da, beste herri askotan bezala, zaldi gisa irudikatzen dena; Miel Otxin erraldoia, aldiz, gosea da, otiek ekartzen duten ondorioa; Txatxoak zoroak dira, goseak eragindako eromenaren irudikapena, alegia; Ziripot, berriz, otiaren larba izan liteke…

Mozorro hitzaz gain, Euskal Herrian zehar izen desberdinak hartzen dituzte Inauterietako pertsonaiek: kokomarroak (Elorrion), kokoxak (Markinan), marro (Gernikan), momoxarro edo momotxorro (Altsasun), mamutxarro (Urdiainen), atxo (Leitzan), txatxo (Lantzen)…

Dena den, azken mendeetan, gizarte arauak orain baino itogarriagoak ziren garaian, ihauteriek garrantzi handia hartu zuten beste zentzu batean; ihauterietan dena zilegi baitzen, gizarte molde guztiak transformatzen ziren: eskale zena aberats bilakatzen zen; gizonezkoak, emakumezko; laikoak, elizgizon… Iraultza hau ez zen agintarien gustukoa, jakina. Horregatik behin eta berriz debekatzeko saioak egiten zituzten, edota zigor galantak ezarri; adibidez, 1601. urtean Iruñeko ihauterietan apaiz batek, kalean kardinalarena egiteagatik, gogor ordaindu behar izan zuen: bi urtez hiritik erbesteratuta, urtebete lan eta soldatarik gabe eta isun bat pagatu beharra. (Orhipean, Xamar).

Gehiago irakurri