Ez da ALGARArako garaia baina…

algaracollagea-covid19

(Zortziko handian)

Aurtengo udan, Naja aldean
Ez da entzun algararik

Jende multzorik ez dugu bildu
karpapean pilaturik

Ta Marijaia distantzian dugu
gogoratu tristeturik

Aste Nagusi gabeko uda
ez baitago ulertzerik

Baina pandemia ez da betiko
itzuliko da ALGARA

Hurrengo urtean berriro ere
bueltatuko da euskara

Maskara kendu, pottak banatu
denok batera Naxara

Pellot pirata ta lagunekin
txosnan mozkortuko gara!

Algara Konpartsaren egitaraua 2019ko Aste Nagusirako

2019-algara-egitaraua

Hemen duzue ALGARA konpartsan 2019ko Aste Nagusirako prestatu dugun egitaraua. Aurten 25 urte beteko ditu Abandoko konpartsa euskaldunak, eta ederto ospatuko dugu bederatzi eguneko aste berezi honetan. Egunez zein gauez, adin eta gustu guztietarako ekitaldiak egongo dira.

Egunez izango ditugunak aipatzen hasiko gara lehenik:

Lehen egunean, txupina jaurti aurretik, motorrak berotuko ditugu 25 urteurrena ospatzen hasiko garen bazkarian, ostean txupinaren kalejirara abiatzeko.

Igandean, txupin osteko ajea uxatuko dugu Algara plazan, Urbeltzen Dantza Ganbararekin.

Astelehenean, euskara ikasten ari direnen egunean, jokoak, dantza saioa, paella lehiaketa eta mintzaplatika bazkaria izango dugu.

Bertso eta triki eguna izango da asteartea, Roberto Etxebarria eta bere trikitilari eskolako ikasleekin poteoa eta ondoren bertso bazkaria egingo dugu. Iazko arrakastaren ondoren, aurten berriro bertsolari gazteen sariketa izango da Algaran.

Asteazkena Iparralde eguna izan ohi da gurean, eta aurten Ziburuko Kaskarotenea ikastolaren aldeko herri bazkaria izango dugu bertako lagunekin.

Ostiralean Algararen 25 urteak ospatuko ditugu urte hauetan guztietan lagun dugun Anje Duhalderekin eta bere taldearekin, oso kontzertu berezian.

Egunero Bilbo Hiria irratiak Aste Nagusiaren jarraipena egingo du, aurreko urteotan bezala, astelehenetik ostiralera 13:00etan egingo dituen zuzeneko saioen bidez. Jaien protagonista ugari pasatuko dira Bilboko euskal irratiaren mikrofonoetatik. Bestalde, Zaparrada Konpartsak ere haurrentzako hainbat ekitaldi antolatu ditu Algararen karpapean: Disko-dantza saioa, txokolatea, ogi tailerra, Ongi etorri lagun! antzerki emanaldia, herri kirolak, Zaparrada bazkaria eta ur borroka.

Gauez izango direnen artean, igandean Akatz eta Micky & The Buzz izango ditugu, hurrenez hurren, ska eta rockabilly-swing estiloak jorratzen dituzten bilbotar taldeak.

Astelehenean hard rock bertsioen gaua izango da, izan ere,  Bon Scott Revival Show taldearekin AC/DC taldea fidelki berraragiztatzen duen ikusgarriaz gozatuko dugu lehenik eta, ondoren, 70eko eta 80ko urteen hard rock eta heavy talde askoren bertsioak egiten dituen The Unholy Covers bermeotar taldea izango dugu.

Asteartean, lehenengo Joseba Irazoki beratarra izango dugu bere taldearekin, eta, ondoren, Mungiako TOC rock taldea.

Asteazkenean, jamaikar doinuen gaua izango da gurean, aski ezagunak diren New York Ska Jazz Ensemble taldea eta MG Banda arratiar reggae taldearekin.

Ostegunean doinu gogorragoen txanda izango da, batetik Lisabö eta, bestetik Niña Coyote eta Chico Tornado izango baititugu.

DJ saioak ere aipatu behar ditugu, izan ere, gauero izango dira, hurrenez hurren, Ekaitz (larunbata), Twist (igandea), Easyer 2b2 Alfred Adler (astelehena), Telmo Trenor (asteartea), Chelis (asteazkena), Bihotza (osteguna) eta Ekaitz (ostiral-larunbata).

Konpartsakide eguna 2019

2019-konpartsakide-eguna

Urtero bezala Aste Nagusirako berotze-ariketak Konpartsakide Egunarekin hasiko ditugu. Datorren larunbatean Bilboko Areatzan elkartuko gara, eta hamaiketakoa egiten dugun bitartean paella nahiz pintxo ezin hobeak prestatuko ditugu gainerako konpartsetako kideekin primeran pasatuz. Goiko afixan duzue egitaraua. Izena emateko idatzi lehenbailehen helbide honetara (kasu, kopuru mugatua): [email protected]

Udaberri jaia maiatzaren 24an

2019-udaberri-jaia

Ia oharkabean maiatzera heldu gara, eta laster udara! Horrek esan nahi du kamiseta urdinak ateratzeko garaia dela, Algara konpartsaren motorrak berotzen hasteko, izan ere, hiru hilabete besterik ez baita falta Aste Nagusirako!

Urtero bezala, Udaberri Jaia izaten da gure konpartsa aurkezteko eta Aste Nagusian zein urte osoan zehar gurekin parte hartzera gonbidatzeko modu ezin hobea, eta aurten maiatzaren 24an izango da. Lehiaketak, jolasak, bazkaria eta hainbat sorpresa prestatu ditugu egun osoan zehar euskaraz ederto pasatzeko. Anima zaitez!