Bertso bazkaria: Jose Agirre eta Amets Arzallus
Bertso bazkari ederra daukagu urtarrilaren 12an, Amets Arzallus lapurtarra eta Jose Agirre gipuzkoarra elkarri bertsotan. Gai-jartzaile lanetan; Joxemi Larrabeiti.
Sarrera + bazkaria: 20 euro (Kafe Antzokia)
Antolatzailea: Zenbat Gara elkartea
Amets Arzallus: Jexux Arzallus bertsolari goiaztarraren semea. Donibanen jaio arren, Hendaian bizi izan da beti. Etxean bertso giroa zegoen, eta txikitatik hasi zen kantuan. Futbolerako ere afizio handia zuen, eta bost urterekin hasi zen. Pilotan ere ibiltzen zen, oso kirolzalea baita. Ikastolan Hendaian hasi zen, eta lagun koadrila txikitatik osatu zuten. Gerora horiei guziei eutsi die, pilotari izan ezik. Hegoaldearekin oso lotua egon arren (jatorrian nahiz bestela), Iparraldekoa sentitzen da. 10 urtetik aurrera ikastera Kanbora joaten zen Seaskaren Kolegiora, eta gero Lizeora Baionara. Orain bertsotan eta futbolean segitzen du, eta ikasketetan, kazetaritzara bideratu da. Argia aldizkariko elkarrizketa egile Hendaiako bertso-eskolako irakasle Euskadi irratian kolaboratzaile
Jose Agirre: Landa inguruan sortu zen, nekazari familia batean, eta hala bizi izan da, baserriko lanari emana. Nekazari inguru horretan bertsotarako zaletasun handia zegoen, eta hor egin zen bertsolari Joxe Agirre: auzoko bertso zerbitzua eginez hasi zen, nekazari inguru horri loturiko ospakizunetan eta tabernako giroan ere bai. Gazte garaian, herri kiroletan ere jardun zuen, aizkoran eta korrika gehienbat. Goi mailako bertsolari izatera iritsi eta lau belaunalditako bertsolariak ezagutu ditu: 60ko hamarkadan hasi eta XXI. mendeko lehen urteetan plazarik plaza ibili da, eta gaur egun ere saio asko egiten ditu urtearen buruan. Bertsogintza hitzezko borroka moduan ulertzen duen tradiziotik dator, eta horrek erabateko eragina izan du bere estiloan: zirikatzailea, erantzun zorrotzekoa… Bat-bateko bertsolaria izan da ororen gainetik.
Iturria; Bertsozale Elkartea
Leave a comment
Trackback | Subscribe to the comments via RSS Feed