Joxe Agirre eta Amets Arzallus

Erlantz Ibargurengoitia

2008ko urtarrilak 12 zituen zapatu eguerdian batu ginen Bilbo inguruko euskaltzale eta bertsozaleak Kafe Antzokian, Zenbat Gararen eskutik Amets Arzallus hendaiarra eta Joxe Agirre “Oranda” azpeitiarra bertsolariek eskaini behar zuten saiora. 78 urteko gizona eta 24 urteko gaztea aurrez aurre borroka dialektikoari ekiteko zain.

Ederto bazkaldu genuen bada Resu, Idoia eta Amaia zerbitzari ederrek majo zainduta; entsalada, onddo-nahaskia eta entrekota. Postre gozoa eta kafea hartu eta gero pattarra izan genuen eta harekin batera hasi ziren bi protagonistak bertsotan.Agurrean hainbat gai izan zituzten hizpide, Bilbo hirira egindako bidaiak, bertsotan erretiroa… Artean Joxek arazotxoak izan zituen hortzordeekin baina Ametsek ederto estali zuen: “euskaldunak hortzak erakutsi behar”.

Agur luzea eta gero, Apolok Josemiren ezkon-agurreko argazkiak komentatzen izan zen, duela 20 bat urteko ezkon-agurreko Joxe Agirre eta Joxe Lizaso bertsolariak izan zituzten kantuan. Argazkian kontura bertsotan izan eta ondoren, Joxemi gaijartzaileak bertsotarako gaiak planteatu zizkien: Joxeri gatza eta Ametsi azukrea izatea egokitu zitzaien aurrenekoan eta ederto moldatu ziren; “gizon txepela ohi da gatzik gabekua”, “bizitzan gatz gutxiago ta azukre gehiago” eta ” gatzik bako gauza da ezereza” bota zituzten.

Gabonak duela gutxi izan direla eta olentzeroren gaia ere landu behar izan zuten eta baita AHT ere; Joxe baserritarra eta Amets AHTren proiektuko teknikaria izan zirelarik, honetan espropiazioak izan zituzten hizpide, betei ere umorea batertu barik. Oso fresko aritu ziren bai Joxe baita Amets ere, bertsokera errezarekin beti ere irribarrea bertsozaleen arpegian behartuz.

Erret familiari buruz ere kantatu behar izan zuten “hainbeste edanda nola ulertu?” eta “astuna eta orduan / esan beharko zitzaion / y tu por que no te callas?”. Sutea zuhaitza rolak hartu zituzten hurrena eta bertso ale ederrak bota zituzten “sua honetan beharrezkoa da”, “baina ez duzu hilgarri izan beharrikan”…

Gaiekin jarraituta abizenak mantendu baina izenak aldatu zizkien Joxemik; Jose Antonio Agirre eta Xabier Arzallus bihurtu zituen bi bertsolariak.

Eta azkenik agurra izan zuten, gauza eder orok bukaera duelako; agurrean bueltatzeko desioa planteatu zuten “azukrea eta gatza baduz / baina etortzeko esperantzara badut” eta txalo zaparrada itzelarekin bukatutzat eman zuten bertso saioa. Gozatu ederra hartu genuen han bildutakook esperientzia (Joxe) eta grina (Amets) uztartutako saio bikainetan.

15 / Urtarrila / 2008  kronikak 

Leave a comment

Required

Required, hidden

Trackback  |  Subscribe to the comments via RSS Feed