hitzaldia; Juan Antonio Urbeltz inauteriak hizpide urtarrilaren 22an
“Del carnaval a San Juan. Simetria de la fiesta” izenburupean emango du hitzaldia Bilboko Kafe Antzokian arratsaldeko 20:00etan. Inauterien jatorriaren eta esanahiaren berri izateko aukera duzue honako hau.
hitzaldiaren nondik norakoak
Hitzaldi honetan Juan A. Urbeltzek inauteriari eman behar zaion esanahia berrikusi egingo du nekazal urtearen testuinguruan , bai eta konpartsen, tradiziozko pertsonaien eta dantzen zentzua: Zanpantzarrak, Bolantak, Kaskarotak, Lantzeko pertsonaiak, Zuberoko maskaradak, Azeri-dantza, Zagi-dantza, etab. Teoria berri honetan, “emankortasun”aren ideiari (James G. Fraser-ek bere Urrezko adarra liburuan azaldutako teoria) Urbeltzek, europar inauterietan agertzen den nekazarien “ezkortasun”aren ideia kontrajartzen dio.
Biografia
Iruñean jaio zen 1940an. Azken berrogeita bost urteetan, euskal kultura tradizionala ikertzen eta ezagutzen aritu da, bereziki dantza. Argitaratutako liburuetatik hauek dira aipagarrienak:
Dantzak. Notas sobre las danzas tradicionales de los vascos (Euskadiko Kutxako arg., 1978), Música militar en el País Vasco. El problema del zortziko (Pamiela, 1989), Bailar el Caos. La danza de la osa y el soldado cojo (Pamiela, 1994), Alardeak (”Bertan” bilduma, Gipuzkoako Foru Aldundia, 1995), Los bailes de espadas y sus símbolos. Ciénagas, insectos y “moros” (Pamiela, 2000), Danza vasca: aproximación a los símbolos (Etor, 2001), Euskal Herria eta Festa (Santiago Yañez argazkilariarekin batera), Elkar Argitaletxea (2003). Inprimategian dago Danzas morris: origen y metáfora liburua, bai eta Pirinioetako mairu-baratzeei buruzko bi saiakera eta Akira Kurosawa-ren Ametsak filmeko ipuin bat ere.
1966az geroztik, Argia taldearen zuzendari da. Dantza tradizionalei, musika-instrumentuei, doinuei, erritmoei eta jantziei buruzko lan sakona egin dute, eta 1988tik aurrera Ikerfolk sozietatea ere zuzentzen du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Sozietate horrek Udazkenean Folk musika-jaialdia antolatu du hogei urtez. Hainbat filmetan parte hartu du: Larruquert-Basterretxearen Ama-Lur filmean (1967), Larruquert-en Euskal Herriko musika filmean (1978), eta Galeseko Telebistaren Euskal dantzen programan (1994). Nazioarteko hainbat sari eta aintzatespen jaso ditu: Middlesborough-eko Nazioarteko Dantzaren Lehen Sari Nagusia (Ingalaterra, 1968), Dijon-eko Grand Collier d’Argent eta Distinction Choréographique (Frantzia, 1970), Charleroi-ko Prix International de Danse (Belgika, 1973), Llagollen-eko Nazioarteko Saria (Gales, 1974), Hamburg-eko Alfred Toepfer Fundazioaren Kultura Herrikoari dagokion Europa Saria (Alemania, 1998). Habanako Nazioarteko Jaialdirako Alicia Alonsoren gonbit berezia jaso zuen, Giselle obraren berrogeita hamargarren urteurrenagatik (Kuba, 1988). 1987tik aurrera, dantza tradizionaleko hainbat ikuskizun taularatu ditu: Irradaka, Zortziko, Muriska, Alakiketan, Kondharian eta Pas de Basque.
biografiaren iturria; aho bete kanta
Leave a comment
Trackback | Subscribe to the comments via RSS Feed