Aste Nagusia eta Mari Jaia ate joka ditugula, berriz jotzen dugu zuregana, Algara konpartsak aurtongo jaietarako prestatu dituen ekitaldien berri emateko. Esan beharrik ere ez dago zu eta zure ingurukoak, urtero bezala, aurten ere gonbidatuak zaudetela Algarak antolatuak dituen ekitaldietara. Beraz, laster elkar ikusiko dugulakoan, edizio honetako nobedadeak aipatuko dizkizugu segidan.
Lehenengo eta bat, esan nahi dizugu gure konpartsak ez duela txosnan kontzerturik antolatuko, rock lokalaren emanaldiak gure aldamenean egingo direla eta. Halaxe erabaki dute aurten, eta kontzertu horien eta gureen espazioak eta ordutegiak bateragarriak ez direnez, bertan behera utzi behar izan ditugu aurreko urteetan egin ohi genituen gaueko emanaldiak. Hori txosnari dagokionez, zeren eta Kafe Antzokian kontzertu andana prestatu baitira larunbatetik eta ostegunera bitartean. Gainera, Zenbat Gararen ohiko joerari jarraituz, oraingoan gauero kanpoko eta bertoko talde bana izango dugu (ikus kontzertuen egitaraua Kafe Antzokiaren webgunean.
Dena den, eguerdi partean hainbat ekitaldi izango dira txosnan bertan. Honako hauek, besteak beste: Ikasleen eguna, Iparralde eguna eta Bertso eguna. Hauei Konpartsen Federaziotik datozkigun ekitaldi guztiak gehitu behar zaizkie, noski: txupinazoa, ur jolasak, bertso-triki kalejira eta beste).
Bestalde, pozez beterik jakinarazi nahi dizugu aurten Algarari egokitu zaiola txupinera izendatzeko ohorea eta zeregin horretarako Isabel Isazelaia aukeratu dugula, erantzukizun hori ederto beteko duela jakinda. Algarakide guztion lana berari ahalik eta babesik handiena eskaintzea izango da, beraren bitartez, gure konpartsak Aste Nagusian presentzia handia eduki dezan.
Hortaz, honetan eta hartan zereginik ez da faltako eta guztion laguntza beharko dugu. Baita zurea ere, noski. Ondo baderitzazu, 944237591 telefono zenbakira hots egin dezakezu eta zer txanda edo zer lan egiteko prest zauden azaldu. Eskerrik asko aldez aurretik.
Honenbestez, har ezazu agur bero bat eta Aste Nagusira arte.
Biba Pellot, biba festa!